1461 egun,
4 desalojo,
7 kale,
auzo bat,
5 okupazio,
hainbat gazte,
gazte asanblada 1,
gaztetxe 1…..
7 KATU!
Gezurra badirudi ere lau urte bete dira jada eta gaztetxea lehenengo aldiz ireki genuenetik. 2007ko urtarrilaren 13an eta aurretiko beste bi saiakeraren ostean okupatu zen Solokoetxeko eskaileretan dagoen lokala, eta ordutik zenbaezina da zenbat gaztek igo dituezten Alde zaharreko Errondabide kalea eta 7 katu gaztetxea lotzen dituzten eskailerak. Gaur egunean Alde zaharreko gazte asanbladak, bere lanean gogotsu jarraituko du, gero eta indar gehiagorekin eta geldiezina izango den gazte mugimendu honi bide ematen. Auzoa eraikitzen ari garelako, merezi duelako, eta gustuko dugulako, ilusioz eta autogestioz,4 URTE ESKILARETAN GORA!
Besterik gabe, urtarrilaren 28,29,30 egunetan egingo diren urteurreneko ospakizunetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu.
Egitaraua hemen: www.7katugaztetxea.com/loturak2/urteurrena
7 katu gaztetxearen gutuna:
Lehenik eta behin, esan beharra dago, ez naizela nagoen egoerara egun batetik bestera heldu, hori dela eta, urte guzti hauetan nire alde lan egin duzuen guztion lana eta izerdia eskertzea ezin dut alde batera utzi.
Era berean, ezin ditzaket ahaztu ni, 7 katu gaztetxea, posible egiteko nire aurretik izan direnak, hala nola Bilboko gaztetxe historiko hura, geltoki gaztetxea, unamunoko 7 Katu I gaztetxea edota Bilbo zein Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat gazte zein gaztetxe.
2004. urtean Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanblada sortu zenetik, argi geratu zen beharrezkoa zela gazteen aisialdia eta auzoko bizitza aldatuko zuen lokal baten beharra, eta horrela etorri zen Unamuno plazako Geltoki gaztetxea. Nahiz eta jaurlaritzaren poliziak 4 egunen buruan desalojatu zuen, jada ez zen atzera bueltarik. Okupazioaren hazia sendo piztu zen Alde Zaharreko gazteen bihotzetan, eta auzoa eraikitzeko eta biziberritzeko asmoak geldi ezinak bihurtu ziren. Urtebete eskas pasata okupatu zen Unamuno plazan 7 Katu I izena jaso zuen gaztetxea. Gaztetxeak erresistitzea lortu zuen eta 12 egunetan agerian gelditu zen Gazte Asanbladaren indarra, izan ere, denbora gutxian, atondu zuten urteak eta urteak hutsik zeraman pisua. Ikastaroak, kalejirak, bazkariak.... bizi laburra baina emankorra izan zuen 7 Katu I gaztetxeak, eta ordurako ez zen dudarik Alde Zaharrean Gaztetxe baten beharra aldarrikatzeko.
Horrela bada, ni, Zazpi Katu gaztetxea, 2007ko Urtarrilaren 13 zabaldu ninduten, eta ordutik hemen dabiltza lanean Alde Zaharreko zein Bilbo osoko gazteak autogestioan eta antolakuntzan oinarritutako proiektu honetan . Hamaika izan dira azken urte luze hauetan egin dituzten hitzaldiak, antzerkiak, ikastaroak, tailerrak, kalejirak, jaialdiak, kontzertuak... kolorez eta bizitzaz bete naute denbora luzez bakarrik eta zeharo aspertuta egon ostean. Nabarmentzekoa da baita ere Alde Zaharreko gazte asanbladak zein ondo zaindu nauen arazoak izan ditudanean, hala nola, udaletxeko ureztatze sistemaren erruz gertaturiko uholdeak, itokinak, nire barruan pilatutako zikinkeria, hezetasuna..... beldurra ematen dit gazteak hemen egon izan ez balira zer gerta litzatekeen pentsatze hutsak.
4 urte hauetan, gure kabuz antolatu eta auzoa kolorez betetzeko gai garela erakutsi dugu bai nik eta baita nire baitan ibiltzen diren gazteek ere, baina badirudi, horrek norbait urduri jartzen duela. Hainbat izan dira proiektu hau aurrera eramatean jarri dizkiguten trabak: desalojoak, multak, epaiketak, etengabeko jazarpena, kriminalizazioa... Ezin dute ulertu (edo ez dute ulertu nahi) auzoak ni bezalako gaztetxe baten beharra duela, Alde Zaharreko merkatal zentru hutsa litzatekeenaren aurrean eremu askeak zabaldu eta auzoa kulturaz betetzeko guneen beharra duela. Hori dela eta, bikaina izan da auzoko zein Bilbo osoko gazteek nirekiko izan dute jarrera, bai zabalik egon naizenean eta bai indarrez itxi nahi izan nautenean ere. 4 izan dira nik jasandako desalojoak, baina 5 aldiz erakutsi dute gazteek ez nautela bakarrik utziko, eta kementsu defendituko dutela Bilboko Alde Zaharreko gaztetxea, Zazpi Katu gaztetxea, alegia.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet proiektu honetan parte hartu duzuen, kolektibo, talde zein pertsona guztiei, zuek baitzarete Zazpi Katu gaztetxeari bizia eman eta aurrera eramaten duzuenak.
2011ko urtarrilaren 13an, Bilboko Alde Zaharrean

No hay comentarios:
Publicar un comentario